XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nere anaia andrazkoa

Irakurri dut Zure liburua.

Gertu zauzkat idazten duten emakume guztiak bezala.

Ez zaitez itsutu delako guztiak horrekin ez dute guztiek idazten: bakar hauetxek idazten dute guztien artean.

Beraz, gertu zauzkat izaki gisako oro bezala, eta, batipat, andrazko izaki gisako oro bezala.

Gogoan zauzkat ikusi zintudan egunetik hilabete?

Gaztetan, nintzena esateko larri izaten nintzen, beldur, beti, nigandik ateraz bestearengana ninderaman uhinari joaten utziko niolakoan, beldur, beti, ez gehiago maitatzeagatik, ez gehiago jakiteagatik.

Baina orain ez naiz gazte eta ikasia dut guztiari joaten uzten ezinbestean.

Dena esateko eduki eta ezpainak lasatu ez.

Dena emateko eta eskua lasatu ez.

Hau duzu birtute burgesa deitzen duzun errenuntzia, eta, burges ala ez, bertute ala ez, nere ekaintzen euskarri nagusia da.

Euskarri? Errenuntzia?

Bai, zeren indarrari eusteak eskatzen du aleun ahalegin latzagoa ezen ez bere berezko askatzeak! honek ez bait du batere eskatzen.

Hein horretan, naturazko edozein ekintza zeozer pasibo da.

Ekintzaz iritsitako pasibotasun oro bezala (isurmen, pairamen, ukapen, ekimen).

Zer da zailago: zaldi bati eustea ala korri egiten uztea, eta geu izaki eutsita daukagun zaldia, zer, mingarriena biotan: eutsia izatea ala gure indarren jolasari amore ematea?.

Arnasa hartzea ala arnasari eustea? Gogoan al duzu ume-joko hura, ohore osoa ito beharrean kutxa batean denbora luzeenaz zegoenarentzako zeukan hartaz? Joku krudel eta ez batere burgesa.

Ekitea? Eramana izaten uztea.

Errenunziatzen dudan bakoitzean nere baitakoa lurrikara baten zirrara da.

Ni naiz lur ikara. Errenuntzia? Harri-bihurtutako borroka.

Nere errenuntziak izena du gainera: ez du aintzat hartzen indarrean dagoen arauari dela-delakoa hizkatu.